XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...): auzoko kooperatiban hire amak erosi ohi zuen Papel el Elefante, disdiratsua bezain latza, iraunkorra bezain egokia poesia, erosketetarako zerrenda edo goitik behera antolatu beharreko beste edozein gairi buruz idazteko.

Baina egunak joan egunak etorri eta hazkureak bere hartan dirau.

Gauzak horrela, medikuarengana joateko posibilitatea hasi haiz hartzen seriotzat, eta osasunagiri guztiak tajuz antolatzen eta berrizten bidenabar.

Ez haiz ohartu, haatik, bisitaren bigarren arazoaz eguna eta ordua telefonoz zehaztu duan arte: zer esan medikuari, zer erakutsi, eta zer esango dian batez ere.

Baina ordurako berantegi, eta medikuari eta alboko erizainari heure pena eta atsekabeen berri ematea beste erremediorik ez zaik geratu, bai eta beraiek agindutako praka-jaiste, makurtze, etabarreko beste adierazpen fisiko guztiez hornitu ere.

Exploración provisional rectal digital delakoa izan duk, halere, mingarriena, batez ere medikuaren hatzamarrak, gomazko zerbait babestua eta ahalik den sakonen hiltzatua, gorantza okertu eta zeozer arraroarekin topo egin duenean.

Orduantxe bai, barnea lehertzen sentitu duala, nahiz eta hire oihuek eta aihenek inoren errukia piztea lortu ez.

Hatzamarra atera, gomazkoa saskira bota, eskuak garbitu medikuek sarri askotan errepikatzen duten operazioa, denok dakigunez eta idazteari ekin dio, ezer gertatu ez balitz bezala, hi, aldez edo moldez, heure barnea eta ropajearen desitxuraketa konpontzen saiatzeaz batera.

Hauek gauero hartu beharreko supositorioak dira, afaldu eta gero eta behin eginbeharrekoak buruturik, hau egunean birritan aplikatzeko pomada, mina eta hazkurea sufritzeari uzteko.

Eta azken hau espezialistarengana joateko baimen-agiria, ehunen biopsia egin diezazun.

Eta lasai asko geratu da, erizainak eskuratu berriko hire txartelaren datuak fitxeroan sartzen dituen bitartean.